2.3.1.Zorroari buruzko Dekretuaren eta Gizarte Zerbitzuen Maparen eragina herritarrek gizarte zerbitzuak eskuratzeko duten eskubidearen gainean
Aurretik esan den moduan, txosten honen oinarrizko helburua erabiltzaileen eskubideen ikuspegitik eta, bereziki, herritar guztien ikuspegitik, udaleko gizarte zerbitzuen egoera baloratzea da. Horretarako, egokitzat jo da Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren barruan Zorroari buruzko Dekretua eta Gizarte Zerbitzuen Mapa onartzeak eskubide horien gainean izango duen eraginaren inguruan kontsultatutako pertsonen iritzia jasotzea.
Alde batetik, elkarrizketatutako pertsonek nabarmendu dute Gizarte Zerbitzuen Mapak eta Zorroari buruzko Dekretuak oraindik ez dutela ondoriorik izan, elkarrizketa gehienak egin zirenenean oraindik ez baitziren onartu (“Zorroaren garapena oso berria da; hainbat zirriborro eskuratzeko aukera izan badugu ere, oraindik ez da onartutako bertsioa argitaratu. Irismenaren eta izan ditzakeen zailtasunen balorazio bat egin ahal izateko denbora gehiago behar da”). Hala ere, pertsona batzuek gizarte zerbitzuak eskuratzeko herritarrek duten eskubidearen baitan eta, zehazkiago, Gizarte Zerbitzuei buruko Legeak aitortzen duen eskubide subjektiboa gauzatzean onartutako arauek segur aski izango duten eraginaren inguruko gogoeta jakin batzuk mahaigaineratu dituzte.
Ildo horretan, lehen esan den moduan, pertsona batzuen iritziz, Zorroari buruzko Dekretua eta Gizarte Zerbitzuen Mapa garatzeko lortutako erakunde arteko ituna gutxienekoen itun bat da (“akordio deskafeinatu bat”), egon badauden zerbitzuak biltzera mugatzen dena eta krisiaren aurretiko estaldura-mailei eta gastuei dagokienez atzera ez egiteko konpromisoa baino ez duena. Pertsona horien ustez, krisiaren aurretik lortutako lurzorua mantentzeko konpromiso hori foru edo bigarren mailako baliabideetarako balioduna izan baliteke, arrazoizkotzat jo zitekeen garapena lortu zutenak, zalantzarik gabe, ez da nahikoa lehen mailako zerbitzuei dagokienez, bereziki, area eta eskualde jakin batzuetan (zerbitzu horien garapena askoz mugatuagoa zen).
“Ez dut uste 12/2008 Legeak udaleko gizarte zerbitzuen garapen zabalagoa lortu duenik, ez baitago arauzko garapenik eta legeak jada bazegoen egoera baino ez baitzuen arautzen. Oro har, gizarte zerbitzuei buruzko legeek lehen ez zegoenaren inguruan bultzada txikia eman dute: egia da lege horri esker zenbait zerbitzu eskubide bihurtu direla baina ez da garatu lehen garatu gabe zegoena edo oso gutxi garatua zegoena”.
“Legea sekulako aurrerapausoa da eta gizarte zerbitzuen zorro bat izatea aparteko arrakasta. Dena den, mapak eta memoria ekonomikoak birjina maitea, nagoen moduan gera nadila esaten dutela aipatzea garrantzitsua iruditzen zait. Alegia: hauxe daukagu eta hau eskainiko dugu”.
“Nahikoa garatuta ez dauden zerbitzu askok ez dute garapen handiagorik edukiko, mapak eta memoriak oso ondo gaudela eta hala geratu nahi dugula baitiote; hau da, zerbitzu horiek dauden moduan geratuko dira. Eguneko arreta-zerbitzuekin, gaueko harrera-zerbitzuekin, ostatu-zerbitzuekin eta beste askorekin horixe gertatuko da, ia garatu ez direnak eta garatu direnean hirugarren sektoreko diru-laguntzen bidez izan da. [Planak, mapak eta] memoria ekonomikoak adierazten digute orain ez dagoena segur aski ez dela egongo”.
“Zorroa eta mapa gutxienekoen akordio bat dira eta balio erlatiboa dute”.
“Egia esan, mapan listoia guztiok irago dezakegun mailara jaitsi da. Helburu kaskarra da”.
Hartutako akordioen mugak nabarmentzen dituzten pertsonak asko direla egia bada ere, esan behar dugu pertsona askok –batzuetan, kopuru berak- Zorroari buruzko Dekretu bat eta Gizarte Zerbitzuen Mapa bat edukitzeak dakartzan aurrerapenak agerian jarri dituztela, bakoitzaren eskumenak argitzeari, zerbitzuen edukia eta horiek eskuratzeko baldintzak mugatzeari dagokienez eta, azken batean, udalerri desberdinetan baliabideak eskaintzean egungo heterogeneotasuna murrizteari dagokionez. Bi agiri horiek gizarte zerbitzuen garapenean fase berri batera igarotzeko aukera emango dutelakoan daude. Bertan, erakunde-maila bakoitzaren funtzioak eta eskumenak bat egin eta argituta, alderdi bakoitzak dagozkion ardurak betetzen ahalegindu beharko du eta gizarte zerbitzuen esparruan gain hartu dituen ardurak aurrekontua ikusirik lehenetsi beharko ditu.
“Sistema barne-artikulazio handiagoz horni dadin lagunduko dute katalogoak eta zorroak, bai eskainitako zerbitzu eta prestazio ekonomikoei dagokionez, bai horien edukiari eta ezaugarriei dagokienez. Halaber, azken urteetan, arauzko garapenean aurrera egin da, katalogoaren zerbitzuei eta legearen 20. artikuluak ezartzen dituen baterako tresna teknikoei dagokienez”.
“Udalen jarduera orain arte funtsean diskrezionala izan da baina, zorroa onartzen denean, hori aldatu egingo da”.
“Benetako ordua orain heldu da. Egia da eginkizun eta funtzio jakin batzuk gain hartzean kultura-arazo bat jazo dela. Baina hemendik aurrera erronka aurrekontu-lehenespena izango da, zorroaren betebeharrak konplitzeko. Zenbait udalek eskumen desegokitan gastatzeari utzi eta arlo honetan gastatzeari ekin beharko diote”.
Horrez gain, zorroak barne hartutako zerbitzuen eta prestazioen egungo gizarte premien inguruko egokitzapena zalantzan jarri zuten pertsona batzuek. Izan ere, aipatu zerbitzuak duela ia hamar urteko premien diagnostikoan oinarritzen dira eta ez dituzte barne hartzen gizarte zerbitzuen esparruko zerbitzuen diseinuari eta metodologia-ikuspegiari lotutako zenbait berrikuntza.
“Hauxe da arazoa: Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea diseinatu zenean, 2005-2006. urteko premien diagnostikoa oinarri hartuta egin zen. Horrek ez dauka egungoarekin -2015- zerikusirik. Baina duela ia hamar urteko zerbait martxan jartzea horrenbeste kosta zaigunez, beharko genituzkeen zerbitzuak edo baliabideak daude eta zorroak ez ditu barne hartzen”.
“Zorroa duela hamar urte teknikari batzuek sortutako zerbait da, negoziazio politiko eta ibiltari baten iragazkitik pasatakoa eta fosil bat bailitzan geratu dena. Eta hori oraindik indarrean ez dagoela”.
Nolanahi ere, Zorroari buruzko Dekretuaren eta Gizarte Zerbitzuen Maparen inguruan hartutako erabakien ziozko dezepzio-sentsazio horrekin batera –ez du zertan ahobatezkoa izan-, eztabaida-taldeetan parte hartu zuten pertsona batzuek uste dute ezarritako ereduak nekez bermatuko duela berak bakarrik Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak eta Zorroari buruzko Dekretuak aitortzen dituzten gizarte zerbitzuak eskuratzeko eskubide subjektiboa. Dena den, ez dago gai horren inguruko ahobatezko iritzirik. Izan ere, pertsona batzuen ustez eskubide subjektiboaren onarpena Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak egiten duen benetako ekarpena bada, beste pertsona batzuen iritziz hainbat alderdik onarpen hori neutralizatzen dute, esaterako, koordainketak edo administrazioen betebehar zehatzek indarra galdu duten esparru batean zerbitzu bat jasotzeko banakako eskubidea baliatzeko zailtasunak. Halaber, zorroaren malgutasun eskasa ere aipatu da.
“Eskubide subjektiboaren birtualtasuna baliogabea izango da, bereziki, koordainketaren araudia tartean egon bada. Eskubide subjektiboa hertsiki errespeta daiteke baina gero desaktibatu egiten da, eskatzaileari koordainketa-maila oso altua ezartzen bazaio, merkatu pribatuan zerbitzu berarengatik duena ikusita edo, besterik gabe, familiek gain har ezin dezaketen koordainketa-maila ezartzen bazaie”.
“Gizarte zerbitzuetako ohiko erabiltzaileek ez dute auzibidetik dagozkien zerbitzuak eskuratzeko duten erreklamazio-eskubidea baliatuko. Gure erabiltzailetako zein joango da epaile baten aurrera aterpetxe batean leku bat edo etxez etxeko laguntza-zerbitzu bat eskatzera?”.
“Beharrezkoa izango zatekeen zorroko baliabideen definizioaren inguruan malgutasun handiagoa, premia berei erantzun malguagoa emateko aukera emango zuena”.
“Zerbitzuak eskubide subjektibotzat jotzea aurrerapauso handia da, baita erkidego-ikuspegiaren aplikazioa eta esku-hartzearen indibidualizazio handiagoa, printzipiotzat hartuta, ere. Hala ere, askotan, hori ez da kontuan hartzen zerbitzuak antolatzean eta esku-hartzeak orientatzean”.
Zorroari buruzko Dekretuaren erakunde arteko negoziazio-prozesuari dagokionez, adierazi da kasuan kasuko erakundeen interesek asko mugatu dutela eta horrek baliabideei baliozkotasuna eta malgutasuna ken diezaieke (“Batzuetan bistakoa da zorroan zerbitzuaren edukiaren eta publiko hartzaileen arteko adostasunik ez”. Fitxak definitzean, irizpide teknikoez gain, irizpide ideologikoek pisu handia izan dute, baita zenbait erakunde-mailatako beldurrek ere; horien helburu nagusia arrazoi ekonomikoen ondotik arta ezin izango zituztela uste zuten zerbitzuak edo biztanleriak gain ez hartzea izan da”).
Aipatu alderdiez gain, elkarrizketa eta eztabaida-taldeetan hainbat gabezia bildu dira, aldian-aldikoak, Zorroari buruzko Dekretuari esleitzen zaizkionak. Honako alderdi hauek jorratzen dituzte:
-Gizarte premien koordinaziorako zerbitzuaren fitxa, baita bigarren mailako arretarena ere, definitzea. Elkarrizketatutako pertsona batzuen ustez, udal-titulartasuneko larrialdi-zerbitzuak egon daitezen eskatzen du.
-Gizarte bazterkeria egoeran geratzeko arriskuan dauden helduei esku-hartze sozioedukatibo eta psikosozialaren zerbitzuak mugatzea. Hori horrela izateak ez du bermatzen, esaterako, inguru irekian esku hartzeko, lehen mailako arretako zerbitzuak, bazterkeria larriko egoeretan dauden pertsonei zuzendutakoak, egotea.
-Lehen mailako arreta-zerbitzu jakinak zuzenean eskuratzeko erregulazio urria.
-Arretarekin jarraitzea (“Lehen mailatik bigarren mailara igarotzeko baliabideen jarraitutasuna ez da behar bezala jorratzen: prozesuak aldatu egiten dira, okerrera egiten dute eta hori ez da kontuan hartzen; orain ez dagoen baliabideen artean malgutasuna eta mugikortasuna egon dadin beharrezkoa da”).
-Gizarteratzeko zerbitzuei dagokienez, pertsona batzuek uste dute zorroak oso sistematikoa ez den moduan nahasten dituela kontzeptu desberdinak –adibidez, intentsitatea eta exijentzia- eta izaera subjektiboko hainbat baldintzak sartzen dituela −‘aldaketarako motibazioa’, ‘arazoaren kontzientzia, etab.−, gizarteratzeko prozesu zorrotzetan parte hartu nahi ez duten edo ezin duten pertsonak behar adinako intentsitatearekin artatzea eragozten dutenak. Ikuspegi horretatik, kontsultatutako pertsona batzuen ustez, Zorroari buruzko Dekretua ez da argia gizarteratzeko zerbitzuei dagokienez eta problematika horiei erantzuteko dauden ikuspegi eta praktika egokiak ez ditu gehitzen.
-Erregulazio urria mendetasunaren esparruan zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa jasotzeko iraupenari dagokionez. Elkarrizketatutako pertsona batzuen ustez, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak auto-erregulazio eta sistemaren kontrolerako funtzioa dauka Zorroari buruzko Dekretuan. Beraz, erantzukizun publikoko zerbitzurik ez badago, erabiltzaileei ordezko prestazio bat eskaini ahal izatea, zerbitzu edo prestazio bat jasotzeko eskubide subjektiboa modu formalean behintzat ez bete gabe. Hala ere, pertsona horien aburuz, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak denborazko mugaren bat barne hartu beharko luke. Hala, ekipamenduen egoera-gabeziari ematen zaion konponbidea ez da arretarako plaza nahikoak ez dituzten erakundeentzako egitura-konponbide bat izango. Zorroko elementu jakinek praktikan gizarte zerbitzuak eskuratzeko eskubide subjektiboaren onarpen osoa erlatibizatzen dutela uste duten horien iritziari lotzen zaio aipatu hausnarketa.
-Horrez gain, pertsona batzuek esan dute zorroko zerbitzuak ez daudela kasuan kasuko fitxan behar bezainbeste garatuta eta tresna osagarriak egitea (gidaliburuak, ereduak, esku hartzeko metodologiak) komenigarria dela, udalek zerbitzu bakoitzaren inguruan bideratu beharreko ezarpena orientatzeko. Zehazki, zerbitzu bakoitza eskaintzeko adostutako eredurik ez dagoela aipatu da. Eredu horretan esku-hartzearen ikuspegia eta diseinuan erabili beharreko tresna tekniko eta metodologiko nagusiak zehaztuko lirateke. Ildo horretan, Zorroari buruzko Dekretuaren fitxek zerbitzu bakoitzari buruz funtsik gabeko informazioa ematen dutela eta edukia nahikoa ez dela uste da, esaterako, kalitatezko adierazleak edo langileen hornidurarako gutxieneko atalaseak ezartzeko.
“Zerbitzuak diseinatzeko, batez ere, ikuspegiari dagokionez, orientazioa egon behar da. Izan ere, pertsona ororen premiei erantzuna eman nahi badiegu, zorroko zerbitzu bakoitzaren sortzea orientatuko duen eredu bat egon behar da. Zenbait udal Zorroari buruzko Dekretuari egokitzen zitzaizkien ereduak egiten ahalegindu dira eta azkenean arretarako eredu askoz klinikoagoak, banakako ereduak eta antolamendu-alderdiei bakarrik erantzuten zieten ereduak sortu dituzte. Alegia, ez zieten erantzuten pertsonen premiei, espedienteak ebazten zituzten. Eta nire ustez hori erkidegoaren ikuspegiaren eta legearen espirituaren aurkakoa da”.
2.3.2.Udaleko gizarte zerbitzuen aldetik arreta handiagoa behar duten funtzioak, taldeak eta premiak
Erabilitako galdera-sortan galdetu zen udaleko gizarte zerbitzuei esleitzen zaizkien funtzioen eta zerbitzuen artean zeintzuk diren gutxien garatutakoak eta datozen urteetan gehiago indartu beharko liratekeenak. Zerbitzu eta prestazio jakinak ezinbestean indartu baino harago -etxez etxeko laguntza-zerbitzua, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, ostatua, etab.- erantzun asko gizarte zerbitzuek oraindik behar bezalako erantzuna ematen ez dien funtzioei, herritarren eskaera eta premiei buruzkoak dira. Alderdi honen inguruko iritziak eta lehentasunak askotarikoak eta ugariak badira ere, esan daiteke adostasun handia dagoela hobetzeko lau gabezia edo esparru handi behintzat nabarmentzean:
-Esku-hartzearen prozedurarekin, kasuen kudeaketarekin eta banakako gizarte eta familia laguntzarekin zerikusia duten funtzio eta jarduera guztiak.
-Beharrezko zerbitzuak eta laguntzak mendeko pertsonak haien etxean egon daitezen.
-Arrisku egoerak eta arretarako adierazi gabeko eskari egoerak saihestu eta antzematearekin zerikusia duten lanak.
-Gizarte bazterkeriarekin berariaz lotutako zerbitzuak eta baliabideak.
Kontuetako lehenengoari dagokionez, pertsona askok azpimarratu dute Zorroari buruzko Dekretuaren 1.1 fitxan jasotako funtzioak ez direla behar bezainbeste garatu; batzuek, gainera, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean eta Zorroari buruzko Dekretuan zerbitzu horiek garatzeko langileen gutxieneko ratioak azkenean ezarri ez izana kritikatu dute eta udaleko arduradun politikoen eta bertako ordezkarien kezka bakarra ekipamenduak eta azpiegiturak eraiki daitezen eskatu duten zorroaren fitxak garatzea izan dela kritikatu dute.
“Zerbitzu horien inguruan ratioak baino harago doan berariazko kezkarik ez dago. Ratio horiek, gainera, kendu egin ziren. Politikarien kezka bakarra azpiegitura eta ekipamendu berriak behar dituzten zerbitzu berriei lotuta dago”.
“Gehiago garatu behar diren zerbitzuei dagokienez, erantzun errazena bazterkeriaren esparrua aipatzea izango litzateke, neurri batean egia delako. Baina oinarrizko gizarte zerbitzuetan gauzak egiteke daude oraindik eta ildo horrek izan behar du lehentasuna, sistemaren oinarria osatzen baitute. Gutxieneko izendatzaile komun bat garatu behar da. Horren harira, lehenik, adostutako esku-hartze eredu bat garatzea falta da, [Gizarte Zerbitzuei buruzko] Legeak erkidegoaren esku-hartze deitzen duen hori zer den zehaztea”.
Kasu batzuetan, ordea, zerbitzu horien garapena nahikoa dela uste da eta gabeziak nabarmentzen dira, azpiegitura eta ekipamenduetan nolabaiteko inbertsioa behar duten zerbitzuei dagokienez hain zuzen (“Nire ustez, fitxen garapenean (1.1etik 1.5era) asko aurreratu da baina zentro edo etxebizitzetan ematen den eta egun udalerri askotan ia ez dauden lehen mailako arreta-zerbitzu horietan guztietan egin beharko litzateke aurrera”).
Prebentziozko esku-hartzearen ahalmenari dagokionez, kontsultatutako pertsona batzuek nabarmendu dute kasu gehienetan, baita lehen mailako arretari lotutakoetan ere, esku-hartzea pertsonen premiak dagoeneko fase larrian daudenean bideratzen dela, batzuetan laguntza oso handia behar duen muturreko fasean daudenean, eta horren harira arrisku egoeran dauden pertsonekin esku hartzeko zorroan ezarritako murrizketak kritikatzen dira. Halaber, lehen mailako arreta-zerbitzuek oro har daukaten prebentziozko ahalmen eskasak bigarren mailako arretaren eskarian eragina duela agerian jarri da, zerbitzu horietara horren laguntza handia behar ez zuten pertsonak eta egoerak iristen baitira, betiere lehenago jorratu izan balira.
Aipatu lau alderdiez gain, pertsona batzuek funtzio edo alderdi espezifikoagoetan antzemandako gabeziak nabarmendu dituzte:
-Langileen eta baliabideen hornidura, arreta zuzena baino harago, udalei ezinbesteko plangintza-, ebaluazio-lanak eta laguntza teknikokoak egiteko aukera emango diona. Ildo horretan adierazi da, tamaina oso handiko udalerriek izan ezik, gainontzekoek halako funtzioak gauzatzeko beharrezko egitura teknikoak ez dituztela eta horrek arreta zuzenaren esku-hartzeen kalitatean eragiten duela.
-Talde-lana oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan (“Udal handiagoetan izan ezik, oinarrizko gizarte zerbitzuetan, oro har, udaleko zerbitzuetan talde-lana apenas existitzen da. Kasu zehatzen inguruko koordinazio-lanak, oinarrizko gizarte zerbitzuen baitan, oso gutxi garatuta daude eta koordinazio-figurak, oro har, ez dira nahikoak. Oinarrizko gizarte zerbitzu baten lantaldea zein den galdetzen baduzu, oro har ez dago talde hori gizarte laneko, gizarte hezkuntzako profesionalek, etxez etxeko laguntza-zerbitzua koordinatzen duten pertsonek, etab. osatzeko kontzientziarik. Horren ondorioz, arazo bat sortzen da: bakartasuna, kasuen kudeaketa-lanak egitean. Bakartasuna muturrekoa da pertsona bat bakarrik arduratzen denean udalerri oso bateko kasuetaz”).
-Bazterkeria egoeran ez dauden baina ahulezia edo babesgabetasun arriskua duten familien eta helduen arreta, gizarte laguntzen faltaren, bakardadearen edo isolamenduaren ondoriozkoa. Gabezia hori egun esku-hartze sozioedukatiboko eta psikosozialeko programek duten garapen eskasari lotuta dago –haurren babesgabetasun arrisku egoeretan izan ezik-.
-Ezgaitasunen bat duten helduentzako arreta, Zorroari buruzko Dekretuan, lehen mailako zerbitzu gehienetan, ez dira pertsona horiek kontuan hartu (“Udaletan, ezgaitasuna, ikusi ere ez da egiten”).
-Herritarrek udaletan eska daitezkeen oinarrizko gizarte zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen funtzioaren berri ez edukitzea (“Jendeak oraindik ez daki non dauden dagozkion gizarte zerbitzuak, zertarako balio duten eta horien bidez zer eska dezaketen”). Antzeko ildotik, erdi mailako pertsonak oinarrizko gizarte zerbitzuetatik urruntzen dituzten kultura-erregelek jarraitzen dutela adierazi dute elkarrizketatutako pertsona batzuek; biztanleriaren sektore batek oraindik uste du pobreei berariaz zuzendutako zerbitzu bat dela.
-Laguntza-begirada gainditzeko zailtasuna –bereziki, hainbat erakunde-ordezkariren aldetik-, benefizentzia eta karitatea oraindik oinarri dituena, baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek eskubide subjektiboaren terminoetan gizarte zerbitzuak eskura ditzaten mahaigaineratzen duen Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearekin gehiago bat datorren ikuspegi bat garatzeko ere. Hausnarketa hori gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboaren benetako birtualtasunaren inguruan aurretik esandakoari lotzen zaio.
-Banakako esku-hartzean antzemandako hainbat gabezia, batzuetan esku hartzeko planetan zorroztasuna falta delako; plan horiek ez egotea edo horien gaineko erantzukizun operatiborik eza. Halaber, gizarte diagnostikoak eta pertsonen premien diagnostikoak egiteko erreferentziazko esparru argia ez dagoela antzeman da. Horren ondorioz, profesionalek irizpide desberdinak erabiltzen dituzte esku-hartzeen ibilbideak definitzean, baita ikuspegia ere, legeak mahaigaineratzen duen esku-hartze sozioedukatiboaren, sistemikoaren eta komunitarioaren ereduari beti erantzuten ez diona.
-Udaleko zerbitzuetan pertsonen partaidetzarako mekanismoak gehitzeko zailtasuna, bai artatutako kasuen ikuspegitik, bai udaleko gizarte politikak diseinatzean herritarren partaidetzaren ikuspegitik. Ildo horretan, udaletan, oro har, herritarren partaidetzarako mekanismoei ematen zaien garrantzi txikia agerian jarri da.
-Horrez gain, udaleko gizarte zerbitzuen zati baten eta esparru horretan egon badauden ekipamenduen irisgarritasun fisikoaren kontua mahaigaineratu da, baita lehen mailako arretako gizarte zerbitzuak ematen diren zentro batzuetako baldintza materialen egokitasunik eza ere (“Alderdi horretan hobera egin bada ere, udaleko gizarte zerbitzuek beti ez dituzte beharrezko irisgarritasun-mailak eta Irisgarritasunari buruzko Legea beti ez da betetzen”).
-Teknologia berrien aprobetxamendu hobea egiteko zailtasuna, ez bakarrik erabiltzaile eta familiekiko komunikazioari dagokionez (e-mail bidezko komunikazioa, adibidez, geroz eta ohikoagoa da; beste pertsona batzuen ustez alderdi horretan gutxi aurreratu bada ere), baita, batez ere, etxeetan bizi diren pertsonekin egiten den esku-hartzea indartzeko, eraginkorragoa egiteko eta horri balio erantsia emateko ere.
-Eskaria antzemateko zailtasunak oinarrizko gizarte zerbitzuetara haien ekimenez joan ez diren baina nolabaiteko esku-hartzea edo zerbitzua behar duten pertsonen edo familien aldetik.
2.3.3.Zorroko zerbitzuen eta prestazioen egungo egoera
Funtzio eta premia horiek baino harago, elkarrizketatutako pertsonei zorroan jasota dauden lehen mailako arreta-zerbitzu eta –prestazioen artean garapen handiagoa behar dutenak zein diren galdetzen zaienean, erantzunak askotarikoak dira. Edozelan ere, neurri handi batean partekatutako diagnostikoa sortzen da: kasuen kudeaketari lotutako alderdi guztiak indartzeko premiarekin batera (oro har, 1.1 fitxan jasotako funtzioak) eguneko arretaren zerbitzuak eta prestazioak, gaueko harrera-zerbitzuak eta ostatu-zerbitzuak sortzen aurrera egitea ezinbestekoa da (horien estaldura eta hornidura, oro har, oso eskasa da). Hala ere, gabezia handienak –edo maiztasun handiagoarekin aipatzen direnak- esku-hartze sozioedukatiboko eta psikosozialeko zerbitzuei lotutakoak dira eta, bereziki, etxez etxeko laguntza-zerbitzuari lotutakoa. Zerbitzu horren beherakada eta narriadura EAEko lehen mailako arretaren udaleko gizarte zerbitzuen defizit handienetako bat dela esaten da. Horrez gain, oinarrizko gizarte zerbitzuetan eman behar den zorroko beste zerbitzu baten garapen eskasa aipatu da -zaintzaileei laguntzeko zerbitzua (1.4.)-, baita gizarte zerbitzuen esparruan partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzua (1.5.) ere. Hala ere, badirudi, bi zerbitzu horien inguruko kezka askoz txikiagoa dela.
A.Oinarrizko gizarte zerbitzuen informazio-, balorazio-, diagnostiko- eta orientazio-lanak.
Kontsultatutako pertsona batzuen iritziz kasuen kudeaketari eta banakako laguntzari dagokienez oso lan garrantzitsua egiten ari bada ere eta oinarrizko gizarte zerbitzuak pertsona eta familia askoren egoeraren hurbileko jarraipena egiteko gai izaten ari badira ere, oro har, uste da maila horretako lana oraindik ez dela nahikoa (
“Nire ustez, hobekuntzarako marjina handia dago sistema eskuratzeko aukerari, orientazioari eta herritarrentzako informazioari dagokienez eta, azken batean, oinarrizko gizarte zerbitzuen kudeaketari dagokionez; egiteko hori funtsezkoa da baina ez da jorratu eta udalerrietan ahalegin askoz ere handiagoa egin beharko litzateke”).
Kontsultatutako pertsona batzuek diotenean gizarte esku-hartzerako profesionalen hornidura ez dela oro har pentsatzen dena bezain baxua, funtzio horiek gauzatzeko zailtasunak nagusiki oinarrizko gizarte unitate gehienetan giza baliabide nahikoak ezizateari lotzen zaizkio baina baita beste kontu batzuei ere. Honako hauek gailentzen dira aipatu kontuen inguruan:
-Dagoeneko aipatu den esku hartzeko prozeduraren zehaztasuna eta esku hartzeko eredu komunik eza.
-Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioen kudeaketa aldatzeak eragindako aipatu ondorioa.
-Bigarren mailako gizarte zerbitzuekin koordinazioan aritzeko zailtasunak, kasuen balorazioari, horien jarraipenari eta bigarren mailako baliabideetara bideratzeari dagokienez. Gai hori 2.4.2 puntuan zehaztasun gehiagorekin jorratuko da.
B. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua
Zalantzarik gabe, egindako elkarrizketen eta eztabaiden arabera, etxez etxeko laguntza-zerbitzuan beherakadak eta narriadurak eragindako kezka egon badago. Zerbitzu honen bilakaera azaltzeko gehien aipatzen diren elementuak hertsiki lotuta daude baina banan-banan azter daitezke:
-Profil eta premia berritara ez egokitzea: malgutasunik eza eta intentsitate eskasa. Eredu malguagoa, biziagoa, balio erantsi handiagoarekin sortzeko premia, norberaren etxean bizi diren mendeko pertsonen eta mendetasun egoeran geratzeko arriskuan dauden pertsonen premietara egokituko dena; badirudi gai honen inguruan adostasun handiagoa eta argiagoa dagoela.
“Zorroan jasota dagoen etxez etxeko laguntza-zerbitzuren definizioa eta etxean mendeko pertsonei arreta ematea ez dago behar bezala jasota aipatu zorroan. Zorroak ez die erantzunik ematean etxean dauden helduen premiei. Lan-hitzarmen neurrigabe bat, intentsitate handiagoa eskatzen ari diren pertsonen premiei erantzuna ematen ez dien zerbitzu bat, agortu den eredu bat eta ez dago aukerarik. Norberaren etxean bizi diren adinekoen premiei benetako erantzuna emango dien zerbitzurik ez daukagu zorroaren barruan”.
“Etxez etxeko laguntza 1984. urtean ezarri zen eta ordutik ez dugu gauza handirik aldatu. Mugatutako zerbitzu bat izaten jarraitzen du. Eta etxez etxeko laguntza-zerbitzua udaleko agenda politikora eramaten dugunean, arreta guztia prezioan jartzen da. Prezio ez den beste ezertaz ezin da hitz egin eta berrikusi behar diren zerbitzu horren alderdi guztiak ezin dira berrikusi. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua, benetako arreta soziosanitarioaren oinarria izan zitekeena, duela 30 urteko eredu batean ainguratua dago eta legeak ez du alderdi hori konpondu”.
“Bistakoa da etxez etxeko laguntza-zerbitzua birformulatu behar dela baina zerbitzu horri ezin diogu uko egin eta uste dut uko egiten ari zaiola. Ez horrenbeste mendekoen arretari dagokionez –intentsitate handiagoko zerbitzu soziosanitarioa behar dutenak-, mendetasunaren ahuleziari eta arriskuari dagokienez baizik”.
“Etxez etxeko laguntza-zerbitzuari heldu behar diogu berriro; laguntza oso txikia behar duten pertsona autonomoen premiei baino ez zaie erantzuna ematen orain”.
“Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait udaletan etxez etxeko laguntza-zerbitzua arratsaldeko hiruretan amaitzen da. Eta hori zenbait udalek eta zenbait profesionalek defendatu egiten dute”.
-Koordainketaren erregulazioa eta lan-kostuak. Jasotako hainbat komentariok, kontsultatutako pertsona batzuen ustez, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren ahulezia handienetako bat dena dute hizpide: zerbitzuaren kostu handia, sektore pribatuan zerbitzuak duen prezioarekin alderatuz gero (bereziki, Bizkaian, dagoen lan-hitzarmenaren ondorioz), eta udal askotan errenta- edo ondare-maila jakina duten erabiltzaileentzako prezio publiko oso altua ezartzen duen koordainketaren erregulazioa. Beste zerbitzu astunagoekin gertatzen den moduan, koordainketaren erregulazioak itxarote-zerrendak handitzen ere ez dituzten errenta-talde batzuen eskaera atzeratzen du (“Nik ez dut esango etxez etxeko laguntza-zerbitzua garestia denik, gizarte esku-hartzeko esparruetako beste hitzarmen batzuk bistakoak badira ere. Edozelan ere, argi dagoena hauxe da: soldatak igo ditugu, estatuko hitzarmenik garestiena daukagu baina etxez etxeko laguntza-zerbitzuari ez dizkiogu egiteko edo zeregin berriak gehitu eta, nire ustez, alderdi horri bultzada bat eman behar diogu, egunean sei ordu lan egiteagatik 24.000 euro ordaintzeak merezi egin behar baitu”; “Etxez etxeko laguntza-zerbitzua etxean laguntzeko euskarria dela jakin badakigu eta ados gaude baina lurralde bakoitzean kostuen inguruan dagoen egoera zerbitzu horren garapena blokeatzen ari da, zalantzarik gabe. Hori da benetako arazoa eta inork ez dio horri heltzen. Halaber, zerbitzuaren dibertsifikazioan lan egin behar da, laguntza pertsonalaren eta etxekoaren artean, etab. desberdindu behar da baina inor ez da lan horiekin hasten”).
-Mendetasunaren arretarako eta zaintzaile pribatuen eskaintzarako prestazio ekonomikoen eskumena. Badirudi elementu honek eragin handia izan duela etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eskariaren pixkanakako murrizketari dagokionez, zerbitzuko erabiltzaile izan daitezkeen pertsonek eskaintza pribatua eskuratzeko izan dezaketen erraztasunagatik –askotan, ezkutuko ekonomiaren esparruan zerbitzu hori emakume etorkinek ematen dute-, (hori Mendetasunari buruzko Legearen prestazio ekonomikoekin neurri batean finantzatzen da). Ez badirudi ere prestazio horien jasotzearen eta zainketa partikularraren artean harreman zuzenik dagoenik, elkarrizketatutako pertsona batzuek gogora ekarri dute udaleko gizarte zerbitzuetan mendeko pertsonei zainketa pribatuak eskura ditzaten agintzen zaiela, etxez etxeko laguntzaren udaleko zerbitzuen ordez. (“Oinarrizko gizarte langileak ari dira zerbitzu pribatuak agintzen, eskuragarri duten zorroak ez baitie aukera gehiagorik ematen. Zer ari da gertatzen pertsona batek etxez etxeko laguntza-zerbitzua eskatzen duenean, honako hau esan diezaioten?: begira, hau oso-oso gutxi da. Zergatik ez duzu eskaintza pribatura jotzen? Oinarrizko gizarte langileek ez dute zorroan adinekoek dituzten premientzako erantzunik”). Egoera hori egiaztatuta, oinarrizko gizarte zerbitzuetan lan egiten duten pertsona batzuek esan dute erabiltzaileei haien premiei ondoen erantzungo dien zerbitzua eskaini behar dietela eta, etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren egungo konfigurazioa ikusita, zaintzaile pribatuetara jotzea askoz erabilgarriagoa eta eraginkorragoa dela (“Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren malgutasunik eza eta eskasia ikusita, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikora bideratzea da logikoena”).
Zalantzarik gabe Zorroari buruzko Dekretua onartu aurreko arazo horiei guztiei, kontsultatutako pertsonen iritziz, dekretu horretan etxez etxeko laguntza-zerbitzuari ematen zaion tratamendua gehitu behar zaie, pertsona autonomoei, baina ahulei, eta mendetasun egoeran geratzeko arriskuan dauden pertsona askori laguntzeko ahalmena argi eta garbi mugatuz. Kontsultatutako pertsona batzuen iritziz, hori guztia etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren prebentziozko funtzioen kalterako da -horrez gain, ez du kontuan hartu etxeko laguntzaren egungo eredua egiazki oso laguntza txikia behar duten pertsona autonomoek bakarrik baliatzen dutela-; beste batzuek, aldiz, gogora ekarri dute, Zorroari buruzko Dekretua onartu zenean, erakundeek aho batez hartu zituzten akordioei erantzuten diela eredu horrek, egia bada ere zorroan etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren inguruan jasota dagoen definizioa beharbada egokia ez dela. Definizio horrek udalek ezarritakoari ematen dio erantzuna (“Zorroan etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren inguruan eman den definizioarekin ez nago ados baina ez dugu ahaztu behar, hala izan bazen, udalen presioagatik izan zela eta ez profesionalen presioagatik, udalen presioagatik baizik”).
C.Esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala
Esku-hartze sozioedukatiboari eta psikosozialari dagokienez, kontzienteki agerian jarri da egun babesgabetasun arrisku egoeran dauden haurretan ardazten diren programak intentsitate txikiko laguntza sozioedukatiboa behar duten helduei zabaldu behar zaizkiela, baita adingabeen babeserako sistema uzten duten eta, adinez nagusiak direnean, zerbitzu horiek eskuratu ohi ez dituzten gazteei ere, heldu-bizitzara igarotzeko prozesuetan laguntza sozioedukatiborako premia egon arren.
“Helduekin esku-hartze sozioedukatiboaren lanak oso gutxi garatu dira, apenas jorratu dira. Gure udalerrietan pertsona asko bakarrik bizi dira edo asko jota beste pertsona batekin eta gizarte zerbitzuen eta esku hartzeko zerbitzuen aldetik isolamendu-egoera antzemateko lana behar da. Testuinguru horretan, etxez etxeko laguntza ez ezik, bakar samar dauden eta esku-hartze sozioedukatiboaren bidez egoera hobe dakien helduekiko laguntza ere erabili behar da”.
“Esku-hartze sozioedukatiboaren baliabideak arrisku egoeran dauden adingabeei oso zuzenduta daude baina pertsona asko daude marjinazio egoeran eta haien etxean bizi dira, adinekoak dira eta bakarrik daude eta orain eskaintzen ez diegun laguntza sozioedukatiboa behar dute. Hezitzaile gehiago behar ditugu”.
Halaber, beste zerbitzu batzuekin ere gertatzen den moduan, pertsona batzuek zerbitzu honen edukiaren garapenik eza Zorroari buruzko Dekretuari dagokion fitxan jaso dute, batez ere, ezar dadin aplikatu beharreko ikuspegiei eta metodologiei dagokienez. Egun, garapen hori ez dagoenez, esku hartzeko irizpideak lehen mailako arretaren gizarte zerbitzuen profesionalen arduradunen erabakien mende daude edo baita zerbitzuaz arduratzen den hirugarren sektoreko erakundeak lan egiteko duen ikuspegia oinarri duen esku-hartzearen ereduaren mende ere.
“Beharrezkoa iruditzen zait ikuspegiak, metodologiak, etab. definituko dituen eta zerbitzua legearen izaera, edukia eta printzipioak kontuan hartuta garatzen dela bermatuko duen esku-hartze sozioedukatiboaren eta psikosozialaren zerbitzua (1.3) ezartzeko orientazio- eredu bat garatzea”.
Azkenik, udalerri desberdinen artean zerbitzu hori gain hartzeko eta ezartzeko moduan irizpide desberdinak daudela adierazi da. Hala, desberdintasun handiak daude horietako bakoitzean eskainitako programa kopuruan eta edukian eta elementu horrek desberdintasunaren osagai garrantzitsua gehitzen du lurraldean zerbitzu horren eskaintza hartzen duen moduan eta intentsitatean.
“Udalerri gehienetan ez da aurrekontu-gehikuntzarik izan azken sei edo zortzi urteetan zerbitzu sozioedukatiboak eta psikosozialak garatzeko”.
“Kasu gehiegitan, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala langile teknikoen eta zinegotzien irizpideen mende daude tamainari, estaldurari eta esku hartzeko ereduari dagokienez. Batzuetan, gainera, zerbitzuaren erakunde esleipendunaren eredua ezartzen da, erreferentziazko arauzko esparru argirik ez baitago”.
Horrez gain, haurrak eta adingabeak babesteko esparruan esku hartzeko baliatzen den ikuspegiaren mugak aipatu dira. Bertan, garatutako jarduerek ia esklusiboki familia jotzen dute adingabearen arrisku faktoretzat, familiaren esparruko arazoekin zerikusirik ez duten baina haur eta nerabeentzako zaurkortasun faktoreak diren beste problematika askoren gainean gizarte zerbitzuen esku-hartzea alde batera utziz.
“Gu ‘Balora’ (diagnostikorako tresna) delakoarekin oso kritikoak izan ginen, babesgabetasuna familian bakarrik ardazten duelako, haurren eta nerabeen problematikak esparru horretara bakarrik mugatzen ez direla jakina denean eta adingabeek erabiltzen dituzten gainontzeko espazioekin zerikusi handiagoa dutenean. Egungo ikuspegia mugatua da eta familiaren babesgabetasuna baino ez du barne hartzen. Egiazki, haurren eta nerabeen kasuan babesgabetasunaren inguruan faktore askoz gehiago daudenean”.
D.Zaintzaileei laguntzeko zerbitzuak
Pertsona batzuek mendetasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileei laguntzeko zerbitzuen garapen eskasa agerian jarri dute –egun foru aldundietan garatzen da ia modu esklusiboan-, baita intentsitate txikiko atseden hartzeko zerbitzuak ere. Pertsona batzuk harago doaz eta zerbitzu horien inguruko begirada zabaltzeko premia adierazi dute, mendetasuna ez den beste esparru batzuetara zabaltzeko. Izan ere, edozein gizarte problematiketan eragindako pertsonaren familia-sistemaren edo laguntza-sarearen gainean eraginak izaten dira. Hala, hainbat pertsonek gizarte zerbitzuen erabiltzaileen kontzeptuaren inguruko begirada zabaltzeko premia azaldu dute, edozein gizarte problematika duten pertsonei laguntzen dieten edo horien euskarri nagusi diren pertsonak ere eskubideko subjektutzat berariaz hartze aldera.
“1.4 horretan foru garapenak dira, zenbait kasutan izan ezik, baina legeak eta zorroak udaleko eskumena direla esaten dute. Udalerri bakoitzean ez da behar zaintzaileei laguntzeko zerbitzu bat, baina bai, ordea, eskualde-mailan; esku-hartze mota horiek etxeetara bisita gehiago eginez indartu behar dira eta prestazio ekonomikoen jarraipen handiagoa bermatu behar da, familia osoan pentsatuz eta ez bakarrik zaintzailea kontuan hartuz”.
“Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileen familientzako laguntza alde batera utzi da, asko. Familiari lan handia eman diogu. Familia ez da koltxoi bat bakarrik, askotan gizarte zerbitzuen salbamendua da. Nire ustez, familiei ez dizkiegu eman erresiliente izateko edo erretasun- egoera horretatik, gainontzekoek eta haiek ere baduten burn-out horretatik, ateratzen jakiteko tresnak”.
Ildo horretan, kontsultatuko pertsona batzuen iritziz, gizarte zerbitzuen esparruan partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzua (1.5) mendetasunari lotuta ez dauden problematiken kasuan familiei aholkuak eta laguntza emateko zerbitzuak garatzen hasteko abiapuntu ona izan daiteke (kontuan hartuta zaintzaileei laguntzeko zerbitzua (1.4) mendetasun egoeran geratzeko arriskuan dauden edo mendetasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileentzako dela). Zorroari buruzko Dekretuari dagokion fitxan 1.5 zerbitzuaren egungo definizioak jarduerak garatzeko aukera eman du, esaterako, familien artean elkarrekiko laguntza-taldeak sortzea edo udalerrian prestakuntza-eskaintza bat diseinatzea familiartekoak dituzten gizarte problematikak artatzean, baita auzo-zainketaren esparruan ere, familiak orientatzeko eta gaitzeko. Hala ere, Zorroari buruzko Dekretuan zerbitzu horri emandako definizioaren zabaltasunak udalerri bakoitzean zerbitzuaren garapen oso desberdina ekartzea, dela ezarritako jarduera motagatik, dela zerbitzu horren onuradun izan daitezkeen taldeei emandako lehentasun desberdinagatik. Horrek guztiak zerbitzu horren definizio sakonagoa eskatuko luke eta ez du zertan legezko arauen bidez izan.
“Zorroko 1.5 zerbitzuak garapenerako zailtasun handiak ditu. Izugarrizko definiziorik eza dauka”.
E.Eguneko arreta-zerbitzuak, gaueko harrera-zerbitzuak eta ostatu-zerbitzuak
Eguneko arreta-zerbitzuei, gaueko harrera-zerbitzuei eta ostatu-zerbitzuei dagokienez, kezkak funtsean eskualde gehienetan dagoen plazen hornidura eskasa, udalerri oso gutxitan egotea eta baliabide horien lurralde-zabaltzerako zailtasunak (ondorengo puntu batean aztertuko direnak) ditu hizpide. Nolanahi ere, kontsultatutako zenbait pertsonek zentro horien (bereziki, ostatu-baliabideen) funtzionamenduarekin zerikusia duten beste alderdi garrantzitsu batzuk aipatu dituzte.
-Egun bazterkeriaren edo babesgabetasunaren arriskuren bat aurkezten duten –ez, ordea, mendetasunari lotutakoa- eta baliabide horiek aldi luzeetan erabiltzen dituzten pertsona autonomoen mendetasunaren arriskuari eta/edo mendetasun arinari zuzenduta dauden baliabideen erabilera. Hori horrela izateak aipatu baliabideen beharrezko txandatzea eragozten du.
-Etxebizitza-eskaria eta tutoretzapeko apartamenduak identifikatzeko eta plaza horien eskaintza zorroan aipatzen diren hartzaileen ezaugarrietara egokitzeko zailtasunak (“I. gradua ez da profil egokia etxebizitza komunitario batean ematen diren zerbitzuentzat”).
-Udaleko administrazioek etxebizitza-parke bat duten erakunde autonomikoekin eta tokiko erakundeekin akordioak lortzeko beharra, lokalak eta etxebizitzak laga ditzaten eta bertan zerbitzu horiek eman daitezen.
-Zerbitzu horiek sustatzeko zailtasuna, ondoren zehaztasun gehiagorekin aztertuko dena, udaleko ardura diren aldetik baina udalaz gaindiko mailetara zabaldu behar dira. Lehen esan dugun moduan, ekipamendu horien eragin-eremuan erroldatuta dauden pertsona guztiek –eta ez bakarrik udalerrian erroldatuta dauden pertsonak- baliabide horiek eskura ditzaketela aurreikusita badago ere, mankomunikazioaren eta/edo gastuen udal arteko konpentsazioaren mekanismoak artikulatzea beharrezkoa izango da eskubide hori benetan baliatzeko. Mekanismo horiek araudian jada jasota daude.
-Adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzuei dagokienez, egun konponbide horien garapen eskasa agerian jarri da eta, batez ere, baliabide horien funtzioen eta funtzio-ezaugarrien inguruko hausnarketa komunik eza (“Egiazki inork ez daki zerbitzu hori zer den. Ekipamendu eta zerbitzu arina izan behar du, zalantzarik gabe, baina eduki horri buruzko hausnarketa heldurik ez dago”).
2.3.4.Zorroan barne hartu gabeko zerbitzuak eta programak
Txosten honen atal kuantitatiboan jada aipatu da EAEko udalerriek gizarte zerbitzuen esparruan egiten duten gastuaren %20 gizarte zerbitzuen zorroaren parte ez diren programetara bideratzen dela, ez baitira Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak erantzukizun publikotzat jotakoak –eta, beraz, gizarte zerbitzuen eskubide subjektiboa modu eraginkorrean baliatzeko eska daitezkeenak-.
Egoera hori jazota, elkarrizketa eta eztabaida-talde batzuetan mahaigaineratu zen udalerriek zer neurritan bideratu behar dituzten haien ahalegin batzuk Zorroari buruzko Dekretuak barne hartzen ez dituen programa eta zerbitzuetara. Alderdi horri dagokionez, esan behar dugu ez dirudiela zorrokoak ez diren zerbitzuen garapenagatik kezka orokorturik dagoenik eta, oro har, zorroaren zerbitzuak lehenetsiko dituen baina beste programa edo premiak, batez ere udalerri handiagoetan, alde batean utziko ez dituen alderdi horretara zuzendutako hurbilketa zehatza defendatzen dela:
“Nire ustez, zorroan babesgabetasunaren arriskuari dagokionez udaleko eskumenak gehitzen badira, udalek, oro har, zorroa hartu behar dute kontuan, ez egiteagatik –edo egiten ez den bitartean bigarren mailako arreta- babesteak merezi duen zerbitzuko zorroaren arretaren zabaltze edo modalitatetzat jo daitezkeen intereseko tokiko gizarte ekimenak barne hartzen dituzten egoerak izan ezik. Hiriburuen kasuan, ordea, funtsezkoa eta positiboa da epe ertainean legez ezarritako nahitaezko esku-hartzea baino handiagoa izan dezaten”.
Nolanahi ere, garrantzitsua da azpimarratzea kontu hori ez dela udaletan zerbitzuen eta prestazioen zorroaren parte ez diren zerbitzuak emateko premiaren gainean bakarrik mahaigaineratu. Halaber, eskuratzeko hainbat baldintza betetzen ez dituzten eta, ondorioz, zorroko baliabideak eskura ezin ditzaketen baina, gizarte zerbitzuetako profesionalen iritziz, jarraipen edo laguntzaren bat behar duten –prebentziozkoa behintzat- pertsonei zer irtenbide eman behar zaien mahaigaineratu da.
“Zorroa gainditu beharreko lurra da. Adibidez, zorroari egun ematen ari garen etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren erdia egokituko bagenio, emateari utzi beharko genioke. Gauza bera gertatzen da adinekoentzako udaleko egoitzekin. Udalerri askotan autonomoentzako egoitzak daude baina gizarteratzearekin zerikusia duten premiei erantzuteko zentroak falta dira. Nola jorratu egoera hori? Erantzuna erraza izan liteke paperaren gainean: zentro batzuk itxi beste batzuk irekitzeko edo birmoldatzeko. Baina hori gizarte zerbitzuen esparruan zaila da, pertsonekin egiten baita lan. Egoera horrek paradoxa batera garamatza eta hauxe da: historikoki ondo jardun duten eta zerbitzu gehiago garatu dituzten udalerri horiek –egiteko determinazioa eta aukerak izan dituztelako- orain eraiki dutena “soberan” dute eta horrek kostu handia dakar; orain arte zerbitzuak bultzatu ez dituzten udalek orain, ordea, errazago daukate (helburuak neurri batean egoerara egokitu direlako)”.
2.3.5. Udaleko gizarte zerbitzuetako langileen lan-baldintzak eta langileen kudeaketari lotutako alderdiak
Aurreko kapituluan egindako gizarte zerbitzuetako langileei buruzko datuen analisian dagoeneko aipatu dira zerbitzu horien giza baliabideen hornidurarekin zerikusia duten alderdi batzuk, datuak ez edukitzeagatik lan-baldintzei lotutako alderdiak aztertu ezin izan badira ere. Egindako elkarrizketa eta eztabaida-taldeetan, langileen inguruko gaiek honako alderdi hauek jorratu dituzte:
-Oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen hornidura eta azken urteotako langileen murrizketa, diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa Lanbidera transferitu izanarekin kointzidituz. Ildo horretan, pertsona batzuek, ez guztiek, zerbitzu horiei eusteko beharrezko langileen hornidurak nolabait ezartzeko beharra defendatu dute, zorroko beste zerbitzu batzuetarako gutxieneko baldintza funtzionalak eta pertsonalak ezartzen diren moduan berean –esaterako, egoitzak edo eguneko zentroak-.
“Oinarrizko gizarte zerbitzuen arreta-ratioak garatzeko ekintzak ez daude Plan Estrategikoan eta hori planak hiru lurraldeen artean desberdintasunak egon badaudela onartzen duela. Ez dago estandarrik eta hori ezarri egin beharko litzateke, baina ez du zertan biztanleria orokorraren terminoetan izan, kasuen arabera izan zitekeen”.
“Oinarrizko gizarte langileek 5.000 biztanle artatzen dituzte. Baina eskari potentzial hori ezin daiteke kontrolatu. Eta egungo erregulazioarekin gizarte langileek ezin dezakete esan, intentsitate handiko 40 kasutara iritsi naiz eta 300 espediente ditut esku artean, hori da urtean arta dezakedan gehienezkoa eta ez ditut egoera/espediente gehiago artatuko. Profesional horiek zailtasun horrekin ari dira lanean eta presio handia eragiten dien egoera bat da, arretaren eta esku-hartzearen kalitate txikia baitakar gainera”.
“Ratioak kalkulatzen direnean, kontuan hartu behar da udalerri bakoitzean behar den langileen hornidura asko aldatzen dela udalerri bakoitzeko gizarte zerbitzuen eskariaren intentsitatearen arabera, baina baita aipatu eskariaren ezaugarrien arabera ere (artatzeko desberdinak diren zerbitzuen hornidura eskatuko duena). Horregatik, udalerri bakoitzak premien diagnostikoa eduki dezan beharrezkoa da, plantillan zenbait langile eta zer langile mota gehitu behar dituen jakiteko”.
“Eta gero, bulegoko arretara eta hitzorduetara ez mugatzeaz ari bagara, alegia, lan komunitarioa egin nahi badugu, sareak sortu nahi baditugu, eremuko agenteekin lan egin nahi badugu, lanerako denbora hori guztia ere zenbatu egin behar da”.
-Dagoeneko adierazitako aldaketak diru-sarrerak bermatzeko errenta Lanbidera transferitzeak ekarri zuen oinarrizko gizarte zerbitzuen eguneroko praktikan eta kultura-aldaketa bati heltzeko premia, zerbitzu horien funtzioei, profilei eta lan-prozedurei dagokienez. Edozelan ere, kezka hori kudeaketa-aldaketa baino lehen helarazi zen.
-Profesionalen osasunarekin zerikusia duten neurriak hartzeko beharra, bai gainbegiratze eta zainketa profesionalari dagokienez, bai erasoaren arrisku egoerak prebenitzeari eta jorratzeari eta krisi egoeretan esku hartzearen ondorioz edo pertsona batzuek gain hartzen duten lan-zamaren ziozko arrisku psikosozialak prebenitzeari dagokienez. Horri dagokionez, adierazi da, arrisku horiek saihesteko gainbegiratze-programak eta beste neurri batzuk gehitu badira ere, beharrezko baliabideek beti ez dutela gai hori jorratu.
“Eta, gero, psikosozialarekin zerikusia duten lan- arriskuen kontua dago; zentzu horretan zerbait egiten denik ez dut ikusten; zaintzaileen osasuna dela-eta kezkatzen gara baina ez behar bezainbeste publikoari arreta emateko lan egiten duten profesionalen segurtasunarekin zerikusia duten arriskuez”.
-Bitarteko kontratuekin herri-administrazioetan lan egiten duten langileen lan-baldintzak eta, bereziki, udaleko gizarte zerbitzuek azpikontratatutako zerbitzu eta programetan lan egiten duten erakunde pribatuetako langileenak. Ildo horretan, udal askoren joera aipatu da, alegia, zerbitzuak kontratatzeko agirietan ia proposamen ekonomikoak baino ez dira baloratzen, zerbitzua emateko baldintzak eta esku-hartzearen kalitatea kontuan hartu gabe. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean zerbitzuak irabazi asmorik gabeko gizarte erakundeekin hitzartzeari buruzko xedapenen garapena oso eskasa dela adierazi da. Nolanahi ere, kontsultatutako pertsona batzuen ustez, lan-hitzarmen jakinek ezartzen dituzten kontratuetako baldintzen eta soldata-igoeraren ondotik hainbat zerbitzu eta programetako erakunde esleipendunek haien prestazioei uko egin behar diete, programa horiek eragiten dizkieten galera ekonomikoak direla-eta.
“Bitartekotasuna arazo bat da. Udalerrian bitarteko kontratuak eta amaiera-data duten programa-kontratuak dituzten pertsona asko ditugu. Eta horrek ez du inolako zentzurik, ez baita obra-kontratua eta zerbitzu jakineko kontratua, udaleko egiturazko zerbait baizik. Halaber, lan-ezegonkortasun hori erabiltzen ari da profesionalen kontrolerako diziplinarako modu gisa”.
-Lan-baldintzei dagokienez, soldaten izoztea aipatu da bai erakunde publikoetan, bai pribatuetan, baita, batzuetan, aldian aldiko diru-laguntzen bidez finantzatzen diren proiektu jakinei lotutako kontratazio-formulen irautea ere. Era berean, lan-hitzarmen batzuk ez berritzea trabatzat jo da gizarte zerbitzuetan lan egiten duten pertsonei lan-baldintza egokiak bermatzeko. Izan ere, aipatu arauzko esparru hori ezean, enpresako hitzarmenak edo itunak oinarri hartuta ematen dira zerbitzuak eta, oro har, aipatu hitzarmen edo itunek sektoreko lan-baldintzak baino okerragoak eskaintzen dituzte.
-Halaber, oinarrizko gizarte zerbitzuetan lan egiten duten taldeen multidiziplinatasuna indartzeko beharra aipatu da, oraindik oso gutxi erabilitako profesionalen figurak indartuz eta funtzio jakinetan berariazko figuretara joz (esaterako, bitartekaritza). Ildo horretan, zailtasun bat antzeman da: Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak eta aipatu legea ezartzeko garatu diren tresnek ez dute arautu zorroan barne hartutako zerbitzuek hornitu behar duten profil profesionalaren mota edo motak.
“Legeak gizarte langilearen eta gizarte hezitzailearen oinarrizko profil profesionalak profil profesional gisa bakarrik hartzen ditu kontuan eta, esku-hartze psikosoziala beste zerbitzu bat gehiago bailitzan gehituta badago ere, legeak ez du barne hartzen psikologoaren figura profesionala. Guk, gure kasuan, psikologoak kontratatu ditugu, esku-hartze psikosozialaren aldeko apustua egin baitugu. Baina, gainera, gaur egun behar den figura bat da, beharrezkoa da. Izan ere, diagnostikorako hainbat tresna ezartzeko, Balora adibidez, psikologian aditua den profesional baten zerbitzuak behar dira”.
“Nola esango diot kontu-hartzaile bati baliabide berri batek ez dituela langile horiek edo ezaugarri horiek eduki behar, eskaera hori ez badago zorroaren fitxan garatuta? Eta esku-hartze sozioedukatiboaren eta psikosozialaren esparruan ikusteke dago etorkizunean zer profesionalen profili buruz ariko garen. Gizarte hezitzaileei buruz hitz egingo ahal dugu! Ez dakit, ikusteke dago”.
“Halaber, gizarte integratzailearen irudia ere aldarrikatu behar da. Gainontzeko figura profesionalek bezala, haien egitekoa burutzen dute. Eta ez da kostuak merkatzeko kontu bat, profilaren malgutasunari lotutako kontu bat baizik. Dena den, hainbat sindikatutan esaten da udalerrian zerbitzu batzuk ematean gizarte integratzailearen irudia gehiegi baliatu dela”.